HASI DA ARABAKO PLAZETAN

Share

Abian da ARABAKO PLAZETAN 2023ko Arabako Kale Arteen Zirkuituaren laugarren edizioa, Foru Aldundiko Kultura Sailak, lurraldeko udalek eta ARTEKALEk, Euskal Herriko Kale Arteen Elkarteak, antolatuta.


Arabako Plazetan programak, bertan parte hartzea eskatzen duten probintziako herrietako plazetara kaleko ikuskizunen programazioa eramatea ahalbideratzen du. Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak katxearen kostuaren %60 estaltzen du programatutako konpainia arabarra bada, %40 EAEkoa bada, eta %30 gainerako kasuetan.


Gainera, parte hartzen duten konpainien aniztasuna bermatzen duen formula bat erabiltzen du programak, eta ezin ditu konpainia beraren 3 emanaldi baino gehiago programatu, edo 5 Arabako konpainien kasuan. Formula horrek aukera ematen du konpainia gehiago programatzeko, eta Arabako kaleko arteak bultzatzeko gainerakoen gainetik baita.


Aurten, Arabako Plazetan programak honako hauek antolatu ditu:

* Arabako 8 konpainia, guztira 16 emanaldi dituztenak

* Gipuzkoako 7 konpainia, 10 emanaldirekin

* Bizkaiko 10 konpainia 14 emanaldirekin

* Emanaldi 1 duen Nafarroako konpainia 1


Guztira 41 antzerki, clown, dantza, zirku eta magia ikuskizun eskainiko dituzte Euskal Herriko 27 konpainia.


Edizio honetan 39 udalerrik hartu dute parte, eta udan zehar askotariko diziplinetako ikuskizunak eramango dituzte kaleetara. Udalek aurkeztutako eskaeren kopuruak nabarmen egin du gora 4 urte hauetan, eta bikoiztu egin da, programak jendearen eta udalen artean izan duen harrera onaren adierazgarri.


Artekaleren zeregina Aldundiaren, udalen eta konpainien arteko komunikazioa koordinatzea da. Urtero, elkartearen parte den Arabako konpainia bat arduratzen da jardueraz, eta oraingoan TWOMUCH CIRCUS izan da.


Artekalek EUSKAL HERRIKO ARTEEN DIREKTORIOA jartzen du udalen eskura, kaleko arteetan diharduten euskal konpainien informazio eguneratua biltzen duen dokumentua, programaziorako tresna gisa balio duena. Udalek ikuskizunak, katxeak edo harremanetarako datuak kontsulta ditzakete gida horretan, beren lana erraztuz, baina direktorioaren bidez programatzeko betebeharrik izan gabe.


Eragileen arteko koordinazioak eta direktorioa udal txikienei lana errazten diete, batzuetan ez baitute gaitasunik horrelako proiektuak hartzeko, bai arlo ekonomikoan, bai kudeaketan. Lankidetza horri esker, sektoreko konpainien artean aukerak sortzeaz gain, jarduera gutxiagoko lekuetara ere kalitatezko programazioa eraman daiteke.


Artekale osatzen duten Arabako konpainiak arduratzen dira programako ikuskizunen kudeaketaz. Alde batetik, lurraldea ezagutzen dutenak dira, eta, bestetik, kaleko arteetako profesionalak direnez, jarduera amaitzean balorazio erreala, praktikoa eta eraikitzailea egiteko gai dira.


Artekalen oso positibotzat jotzen dugu erakundeek, proiektuaren oinarritik, sektorea kontutan izatea, eta eskertzen dugu, halaber, Arabako Foru Aldundiak bere lurraldeko herrien eskaera guztiei erantzuteko duen interesa eta ahalegina, kultura beharrezko ondasuna dela ulertuz. Etorkizunean, Arabako Plazetan zirkuitua beste lurralde batzuetarako eredu izatea gustatuko litzaiguke.