ARABAKO PLAZETAN EKIMENAREN BOSGARREN EDIZIOA ABIAN DA

Share

Joan den ekainaren 1ean hasi zen ARABAKO PLAZETAN programa, aurten bosgarren edizioa ospatuko duen Arabako kaleko arteen zirkuitua. Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak, udal bakoitzak eta Artekalek antolatuta, zirkuitu honek clown, dantza, zirkua edo magia bezalako diziplina ezberdinetako 34 ikuskizun gerturatuko ditu probintzia osoko hainbat herritara.

Aurten 22 konpainia programatu dira, hemendik irailaren 28ra arte Arabako herrietara hurbilduko direnak, haurrei eta helduen gozamenerako.

Arabako Plazetan kaleko ikuskizunen programazioa errazten du programan parte hartzea eskatzen duten udalerriei, konpainiaren katxearen zati handi bat ordainduz. Gainera, programan parte hartzen duten konpainien aniztasuna bermatzen duen formula erabiltzen da, artistei aukera-parekotasuna ahalbidetuz.

Artekaleren lana jarduera honetan Aldundiaren, udalen eta konpainien arteko komunikazioa koordinatzea da. Gainera, Artekalek EUSKAL HERRIKO KALEKO ARTEEN DIREKTORIOA eskaintzen du tresna gisa. Euskal konpainien katalogo honen bidez, aurten martxan dauden kale-ikuskizunei buruzko informazioa kontsulta dezakete udalek. Direktorioa kontsultatzeak ez du hauen programazioa behartzen

Eragileen arteko koordinazioak eta direktorioak lana errazten diete udal txikienei, bai arlo ekonomikoan, bai kudeaketan. Horrela, helburu bikoitza lortzen da: sektoreko konpainia gehiagori aukera ematea eta kalitatezko programazioa urrunago eramatea.

Artekale osatzen duten Arabako konpainiak programako ikuskizunen kudeaketaz arduratzen dira. Alde batetik, lurraldea ezagutzen dutenak dira, eta, bestetik, kaleko arteetako profesionalak direnez, gaitasuna dute jarduera amaitzean balorazio erreala, praktikoa eta eraikitzailea egiteko.