Artekaleri buruz
ARTEKALE 2004an sortu zen, Euskadin Kaleko Arteen garrantzia nabarmentzeko, sustatzeko eta zabaltzeko, baita estatuko eta nazioarteko mapan kokatzeko ere. Hori erdiesteko, Artekalek ondorengo hiru helburu orokorren inguruan egiten du lan:
- Euskadiko Kaleko Arteen proiekzioa handitzea estatu eta nazioarte mailan, sektorearen garapena bultzatuz.
- Elkartzeko eta hausnarketarako gune bat sortzea inplikatutako eragile guztientzat: ekoizle, banatzaile eta erakusleentzat.
- Kaleko Arteen industriaren garapena sustatzea, arreta berezia jarriz eskaintzan, zirkuituetan eta publikoan.
ARTEKALEK izaera bateratzailea nabarmena du, sektore publikoa eta pribatua barnebiltzeaz gain, askotariko profesionalek bat egiten baitute bertan: artistak, festibalak eta banatzaileak, horiek guztiek Kaleko Arteak duintzeko helburuarekin.
Funtzionamenduari dagokionez, ARTEKALEko Zuzendaritza Batzordeak helburuak ebaluatzen ditu, baita erronka berriak programatu ere; sektore bakoitzeko pertsona bana dago zuzendaritzan, lurralde arteko oreka bilatuz, askotariko ikuspuntuak eta kudeaketa egokia bermatzeko.
Bazkideek dinamizatzen dute jarduera, Batzorde edo lantaldeetan parte hartuz. Batzorde horiek urte batetik bestera alda daitezke, elkartean antzemandako beharren, eta egin beharreko ekintzen arabera. Honako hauek dira gaur egun martxan daudenak:
1.- BATZORDEA
Hemen zuzeneko arteen sektoreaz arduratzen gara, nola dagoen eta Kaleko Arteak sektore horren barruan non kokatzen diren. Zer egin dezakegu baldintzak hobetzeko eta balioan jartzeko? Helburua, sektorearen arazoei erantzun adostua bilatzea eta blokean jardutea da masa kritikoa sortzeko eta gure eskubideak defendatzeko.
2.- HARREMAN INSTITUZIONALA
Batzorde hori jaialdiek bakarrik osatzen dute, eta bere egitekoa, erakundeekiko harremanak izatea, eta zer eta nola esan erabakitzea da. Sektorearentzat garrantzitsuak diren gaiei buruz erakundeei zer helarazi nahi diegun jakinaraztea beste batzorde batzuen lana da.
3.- HEDAPENA
Kaleko Arteen katalogoa, webgunea eta sare sozialak kudeatzea, Artekale ikusarazteko. Elkartearen irudia lantzea, nola nahi dugun ikus gaitzaten, zer den garrantzitsua guretzat eta zer berri bultzatu nahi ditugun.
4.- TOPAKETA PROFESIONALAK
(SORBURU – PLAZARATU – BASQUE STREET ARTS)
Umore Azokan gauzatzen dira batez ere, eta merkatua eta sektoreko eragileen arteko topaketak sortzen saiatzen dira. Bi parte ditu: jardueraren diseinua eta ekoizpena (topaketa profesionalak) eta estatura edo nazioartera egindako begirada, Euskadira etorriko diren programatzaileak edo Artekalek joan beharko lukeen azokak bilatzeko.
5.- ARTEEN SUKALDEA (URDIMBRE)
Pentsamendu-jardunaldiak Bizkaian egiten dira, eta sektorearentzat garrantzitsua den gai bati buruzko hitzaldiak eta mahai-ingurua konbinatzen dituzte, eta baita herritarrei zuzendutako kaleko ekintzak edo ikuskizunak ere.
6.- PRESTAKUNTZA
Gipuzkoan egiten diren prestakuntza-jardunaldiak. Batez ere, kaleko arteetan sorkuntza eta interpretazioa lantzera bideratutako ikastaroak dira, profesionalei zuzenduta. Sorkuntza-espazioak partekatzeko eta ezagutzak birziklatzeko pentsatuta daude.
7.- KALEKO ARTEAK EREITEN
Artekalek, denboraldi bakoitzean, Kaleko Arteen konpainien direktorio bat egiten du, programaziorako datu erabilgarriekin, eta Euskadiko udal guztietara bidaltzen du. Helburua espazio publikoan programazioa bultzatzea eta kultura herri txikienetara eta baliabide gutxien dituztenetara eramatea da. Horren adibide dira Arabako Kale Arteen Zirkuitua eta Kaleluia, Gipuzkoako jaialdi hedatua. Arabaren kasuan, Artekalek zirkuitua koordinatzen du, herriek programatzen dute, eta diputazioak, programatutako euskal konpainien kaxearen parte bat ordaintzen du.
ARTEKALEk ekintza eremu zabala du, baina ondorengo lau ardatzetan laburbil daitezke:
- Topaketarako eta trukaketarako espazioak jaialdi, feria eta bestelako ekitaldien testuinguruan.
- Prestakuntza Kaleko Arteen profesionalentzat.
- Askotariko erakundeekin elkarrizketak mantentzea sektorearen alde.
- Kaleko Arteen sustapena eta zabaltzea.