SORBURU Txotenagunean: Kaleko Arteak, Topaketak eta Feedback-a

Share

Datorren ostegunean, apirilak 18, arratsaldeko 18:00etan, Artekalek SORBURUren bosgarren edizioa ospatuko du Otxarkoagako bere TXOTENAGUNEA egoitzan. Bertan, artistek euren sorkuntza-proiektua aurkeztuko dute.

Aurkeztu diren 32 konpainietatik 3 izango dira ostegunean, hilak 18, ikusiko ditugunak: La Pez konpainia, GuillemB konpainia eta Larrua proiektua. Lantzen ari diren euren ikuskizunak ekarriko dizkigute eta hainbat diziplinaz gozatzeko aukera izango dugu, antzerkia, dantza eta zirkua, besteak beste, datorren denboraldian Kaleko Arteetan ikusiko dugunaren aurrerapena.

Aurkeztutako hiru proiektuek astebeteko bi egoitza jasoko dituzte, aukeratzen duten profesionalarekin mentoretzako edo kanpo-begiradarako bi saiorekin eta ekoizpenerako 1.000 euroko laguntzarekin.

SORBURUk profesionalen arteko topaketa izan nahi du, proiektuei buruz ikuspegi artistikotik hitz egin ahal izateko, lankidetza aktibo berriak bilatzeko lekua, baina, batez ere, ideiak partekatzeko gunea, eta, horregatik, saioa artistekin egingo den solasaldi irekiarekin amaituko da.

Sorkuntza bultzatu gura dugu, baina baita begirada hezi, lan prozesuak ikusten ikasi eta artistekin hitz egin, galdetu, eztabaidatu, inspiratu, eta gertakari artistikoan parte hartu ere. Horregatik programatu dugu tailerra, ingurunea ulertzen eta topagunea sortzen laguntzeko:

“FEEDBACK- LANKIDETZAN OINARRITUTAKO BEGIRADATIK”

Feedbacka artistaren lana testatzeko tresna kolektiboa da, ideia-trukea, ikus-entzuleen eta artistaren arteko komunikaziorako kanal zuzena; baina, prest al gaude feedback bat emateko? Eta jasotzeko?. Gure asmoa horretarako prestatzea da.

Beraz, proposamen bikaina dugu, ezetz esateko aukerarik izan ez dezazun: tailer bat, Kaleko Arte pixka bat, lagunen arteko solasaldia eta mokadu bat agur esateko.

TXOTENAGUNEAn gurekin partekatzera etorri gura duzu?

Zenbat jende inguru etorriko den jakiteko izena eman behar duzu, oso erraza da, hemen egin dezakezu apirilaren 15era arte.

Zure zain gaude!

Ikus-entzule izateak badu garrantzia!

EGITARAUA

16.00 – 18.00 Tailerra “FEEDBACK-A LANKIDETZAN OINARRITUTAKO BEGIRADATIK Imanol Alvarez-ek emanda (Jakinmin)

18:00 -19:30 SORBURU. 3 piezen erakusketa.

  • La Pez konpainia (J.M. BRUTAL)
  • GuillemB konpainia (Guillem)
  • Larrua proiektua (Odola eta Klorofila)

18:30 – 19:30 SORBURU. Feedback-a bertako jendearekin.

19:30 – 20:30 AGURRA ETA MOKADU BAT